XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERREPORTAIA

OREINAREN MARRUA, UDAZKENEKO ERRONKA

Udazkenean, gure pagadi, amezti, eta gainerako basoak urre gorriz janzten direnean, naturak eskaintzen dizkigun ikuskizunen artean bikainenetakoa gertatzen da.

Kolpean, oihaneko iluntasunean, orru sakon eta garratz batek isiltasuna urratzen du; berehala beste batek erantzuten dio lehengoari, eta piskanaka, basoa erotu egin dela dirudi.

Larre baten ertzean animalia handi bat ikus daiteke, adar bikainez armatua; burua zerurantz jaso, eta bere indar guztiaz marru luze eta ozena botatzen du.

Oreinaren araldia hasia da, animaliak bere sasoi eta kemena erakusteko garaia alegia.

Ugalketa da, zalantzarik gabe, edozein izaki bizidunek derrigorrez bete behar duen eginbeharra, eta sarritan, baita neke eta eginahal gehien eskatzen diona ere.

Espezie bakoitzak, ordea, bere jokabide sexualak ditu, bere bizimodu eta beharrizanen arabera.

Oreinen kasuan, eta baita ugaztun gehienenetan ere, ugalketaren zama emeak darama, eta arrak, derrigorrezkoa izan arren, oso lan txikia egiten du.

Halaz ere, ikusiko dugun bezala, zenbaitetan lan txiki hori oso nekeza izan daiteke, eta batzuetan animaliaren heriotza ere ekar dezake.

Araldian arrak kementsu

Oreinak animalia poligamoak dira, eta ar bakarra izaten da, normalean, talde bateko eme guztiak estaliko dituena.

Honela, araldia iristen denean, arrik kementsuena aukeratzen da eme-talde baten jabe egiteko.

Eta horixe da, azkenean, udazkeneko marrualdian erabaki beharreko auzia: ar kementsuena zein den alegia.

Oreina Euskal Herriko belarjale basati handiena dugu.

100 eta 200 kg arteko pisua izaten du, eta gurutzerainoko altuera, berriz, 100-140 zm artekoa.

Bestalde, arrak handiagoak izaten dira emeak baino, orkatz, sarrio, adarzabal eta gainerako belarjaleetan gertatzen den legez.

Animalia honen anatomiaren ezaugarri nabarmenena, arrek buruaren gainean duten adarrezko koroa bikaina da.

Garrantzi handikoa, batez ere, udazkeneko araldian arren artean gertatzen diren borroka latzetan.

Araldian, arrik kementsuena izaten da talde bateko eme guztiak estaliko dituena.

OREIN.- Ciervo.

MARRU.- Orrua. Berrido, mugido.

ERRONKA.- Desafío.

PAGADI.- Pago+di. Hayedo. Era berean: harizti, elordi, sagasti...

AMEZTI.- Ametz arbolez osatutako zuhaiztia. Quejigal.

IKUSKIZUN. Espectáculo.

LARRE.- Zelaia, belazea. Prado.

OZEN.- Sonoro.

ARALDI.- Epoca de celo.

UGALKETA.- Reproducción.

IZAKI.- Ser.

BIZIDUN.- Bizi+dun. Viviente. Era bereko hitzak: bizardun, adardun, dirudun...

ZENBAITETAN.- Batzuetan. A veces.

ESTALI.- Cubrir.

KEMENTSU.- Kemen+tsu. Indartsua, sendoa. Robusto. Era berean: osasuntsu, lainotsu, eguzkitsu...

AUZI.- Pleito.

BELARJALE.- Herbívoro.

BASATI.- Basa+ti. Salvaje.